lunes, 30 de noviembre de 2009

BIZIKIDETZARAKO OINARRIZKO BALOREETAN HEZTEA



Ikastetxean giro baketsu batean elkarrekin bizitzen ikastea, ikasgelako ikaskideekin eta irakasleekin era positibo batean harremanak izaten jakitea eta bidezkoagoak diren giza harremanetan sakontzeko tresna baliagarri gisa gatazkak erabiltzea biderik eraginkorrena da bakearen kultura eraikitzen hasteko eta benetan demokratikoak diren jarrera eta ohitura batzuk gureganatzeko. Eskolan biolentzia eta boterearen nahiz indarraren gehiegikeria baztertzen baditugu, pertsonenganako errespetuan oinarritutako harremanak sortzen baditugu, kontuan hartuta guztiak baliagarriak direla eta taldearen erabakiak denon adostasunez hartu behar direla, bizikidetzarako beharrezkoak diren oinarrizko baloreetan heztea lortuko dugu.


Baina horrez gain, balore horiek irakasteko eta ikasteko prozesuaren helburu eta eduki gisa landu behar ditugu. Hezkuntza-sistemaren erantzukizuna da bizikidetza demokratikoaren zentzua berenganatuko duten pertsonak prestatzea. Horretarako, eskolaren eguneroko bizitzan burutzen diren hezkuntza-praktikak berriro planteatzeaz gain, ondoko printzipio hauetatik abiatuta hezi behar dugu: giza eskubideak, justizia, genero, arraza edo erlijioa direla-eta sortutako edozein diskriminaziori aurre egiteko borroka, estereotipoen gaitzespena, bestearen onarpena, kulturartekotasuna, eta ahulenekiko elkartasuna.


Horregatik, gizatasuna eraikitzen den eta esparru zuzena adosten ikasten den lekua izan behar du eskolak, eta hori lortzeko banakoaren edo taldearen proiektuak kontrastatu behar ditugu, eta pertsona eta kultura desberdinak errespetatu. Horrekin guztiarekin zuzenagoak eta elkarrizketarako irekiagoak, toleranteagoak eta solidarioagoak diren pertsonak sortzen lagunduko dugu. Pertsonen eta komunitateen arazoak konpontzeko garaian, erasoak, biolentziak eta injustiziak lekurik izango ez duten ingurune bat sortzen lagunduko duten pertsonak alegia.

1 comentario: